berria.info

 

Igandea, 2013ko azaroak 24a.

 

Analisia.

 

Carlsen, haize freskoa xakean.

 

Josu Tornay.

 

Aspaldi zen Magnus Carlsen (Tonsberg, Norvegia, 1990) munduko onena. Orain, ordea, munduko txapeldun ere bada, 23 urte betetzear. Gari Kasparov bakarrik izan da hura baino gazteago txapeldun, urte erdi eskasagatik. Ez da antz bakarra bien artean. Carlsenen garaipenak, Kasparovenak bezala, garrantzi berezia izango du xakearen garapenean.

Kasparoven garaipenak irekitzeen garrantzia areagotu zuen, eta piezen mugimenduaren eta materialaren arteko erlazioa aldatu. Munduari erakutsi zion zein puntutaraino izan daitekeen metodo ona peoi bat sakrifikatzea abantaila dinamiko bat lortu eta hura aprobetxatzeko. Neurtezina da Kasparoven eragina. Berak baino lehenago, Bobby Fischerrek ere irauli zuen xakea: Kirol-lehiaketa aldea bereziki garatu zuen, entrenamendu sistematikoak landu zituen, arau klasikoekiko jokoaren independentzia jorratu zuen eta joko zehatza inposatu zuen.

Carlsenek, jokalari handi guztien moduan, beste pauso handi bat eman du. Bere berezko estiloa definitzeko, esan daiteke ez diela ematen garrantzi berezirik irekitzeei. Hori bai, besteek baino hobeto ulertzen, kalkulatzen eta jokatzen ditu partida bukaerak. Fischer eta bereziki Kasparoven ostean asko garatu zen irekitzean partida erabakitzen saiatzeko joera. Irekitzean abantaila atera eta hura aprobetxatzera zuzendu dira jokalari gehienen ahaleginak azken hamarkadetan.

Carlsenek beste joko bat du. Bere helburua da irekitzearen ostean posizio jokagarri bat lortzea eta partida bukaera dinamiko batera heltzea. Jokoaren fase horretan onena da alde handiz. Viswanathan Ananden kontra erakutsi du, aise irabazi baitio finalean. Azken txanpan erabakitzen ditu partidak, ederki gainera. Bestalde, ez du hezur-haragizko entrenatzailerik, ordenagailu bat baizik. Haien kalkulu potentzia ez badu ere, horrek irakasten duena Carlsenek benetan barneratu eta erabili du. Bere maila eta gaztetasuna kontuan hartuta, galdera da zenbat urte iraungo duen bere nagusitasunak.